Idazlaguna programa UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) eta Jardun euskara elkarteak 2013ko urri-azaroan antolatutako Euskararen Arnasguneei[1] buruzko tailerretik sortutakoa da.
Tailerraren helburua zen azaldutako gabezia edo hutsune horietako bat aukeratzea eta gabezia hori gainditzeko proiektu bat martxan jartzea.
Bildutakoen pertzepzio orokorra izan zen herriko hizkuntza paisaian, bereziki, dendetako eskaparateetako karteletan, euskararen erabilera murriztu egin zela azken urteetan eta une hartan erdara zela nagusi.
Horretarako arrazoien inguruan honakoak azaldu ziren, besteak beste:
- Dendari batzuen gaitasun falta, ziurtasun falta, gaztelaniaz erosoago sentitzea…
- Bezero euskaldunen eskaririk eza. Bezero askok nahiago izatea kartel horiek euskaraz ere egotea baina nahi hori ez adieraztea dendariei.Hala, beraz, bi hutsune horiek bete nahi ditu Idazlaguna programak: behar duen dendariari edo ostalariari laguntza eskaintzea eta dendariei transmititzea hizkuntza paisai euskaraz jar dezaten nahi dugula.
[1] Euskararen arnasguneak kontzeptua erabiltzen da euskara nagusi den guneak, euskarari arnasa eta bizi-indarra ematen dioten guneak, izendatzeko. Gune horiek izan litezke geografikoak (herri bat: Azpeitia, Errezil…) edo sektorialak (eskola, adibidez). Gaur egun oso zabal onartuta dago hizkuntza batek, etorkizunik izango badu, ezinbestez behar dituela arnasguneak, sendo, indartsu izango den guneak. Bergarako Udala UEMAko partaide da eta UEMAren funtzio nagusia, hain zuzen ere, arnasguneak zaindu eta sendotzea da.